Bilduma handitzeko eta aberasteko ahalegin hau ondoko faktoreek azaltzen dute:
– Gure bildumak frankismo garaian jasandako espoliazioaren azterketa bat egiten ari gara, eta horrek Olaso Dorrearen historia XX. mendean kokatu du, haria gaur egun arte ekarriz: abertzaletasunaren sorrera eta garapena, 36ko gerra, frankismoa, 60ko hamarkadako herri susperraldia, Trantsizioa eta ondorengo egoera, gaur arte.
– Telesforo Monzonek (eta harekin batera bere emaztea Maria Josefa Ganuzak eta anaia Isidro Monzonek) egindako ibilbideak hari horri segitzea ahalbidetzen du.
– Gure herrian memoria lantzeko eta ulertzeko gogoa oso nabaria da. Eskaerak, ekarpenak, laguntza… jasotzen ari gara lan hori egiteko.
Ahalegin horretan ondarea biltzea espero dugu. Biltzen ari gara dagoeneko:
– Euskal abertzaletasunaren familia ezagunekin gaude harremanetan objektu eta dokumentu esanguratsuak lortzeko.
– Beste erakunde eta norbanakoekin ere harremanetan gaude elkarlana sustatzeko.
– Memoria ez-materiala biltzeko proiektu bat martxan jartzen ari gara. Hilabete gutxi barru horren berri zehatzagoa emango dugu.
Lan hori guztia egin ahal izateko laguntza behar dugu, eta honako hiru dei egin nahi diegu egitasmo honekin bat etor daitezkeen guztiei:
– Balio historikoa, etnografiko edota artistikoa izan dezaketen objektuen dohaintza egiteko.
– Proiektu honetan gaitasun profesionaletik ekarpena egiteko.
– Dohaintza ekonomikoaren bidez laguntza emateko. Hemen kokatzen da urte osoan zehar eta oraindik zabalduta dugun kanpaina. Pertsona fisikoei begira, “ohorezko babesle” dohaintza berritu genuen kanpainaren hasieran, proiektuari bultzada eta edukia emateko helburuarekin. Aldi baterako proposatzen dugu, bost urterako; hain zuzen ere, Monzonen jaiotzaren 125. urteurrena arte iraungo luke. Aldi horrek funtsezkoa izan behar du proiektu hau garatzeko. Dohaintza urtean 300 eurokoa da.
Bestelako aukerak ere badaude.
Hone hemen informazioa:
https://olasodorrea.eus/babesletzak
Aukera hau aprobetxatu nahi dugu epe laburrean egingo dugun ekimen bat iragartzeko.
Jaso ditugun objektuen artean Estepan Urkiaga Lauaxetaren objektu oso hunkigarriak daudenez eta abertzaletasunaren erreferentzia nagusi horren jaiotzaren 125. urtea bete denez aurten, abenduan zehar erakusketa bat egingo dugu Olaso Dorrean Lauaxetari buruz.
Hona hemen, gainerakoan, urte honen amaierarako Fundazioaren programazioa memoriaren arloan:
https://olasodorrea.eus/programazioa
Segidan, gure bilduma zabaltzeko ahaleginean eskuratzen ari gara pieza, dokumentu edota objektuetako batzuk:
Monzonek Sabino Aranaren obrak mikrofilmeetan gordetzen zituen. 7. kopia zen. Bere obra gal ez zedin egindako eta banatutako kopietako bat. Urte askotan galdua egon da (Donibane Lohizunen zuen etxetik desagertu zen 80ko hamarkadaren lehen erdialdean) eta aurten anonimo batek bueltatu dio Olaso Dorreari. Zera irakurri daiteke mikrofilmak biltzen dituen paketean:
Copia 7
MiCRO-FILM de las Obras de ARANA-GOIRI’ tar Sabin
Conviene preservarle del calor y de la humedad.
Fusilatu zutenean eskuan zeraman. Bertan zegoen elizgizonari esker familiak eskuratu ahal izan zuen.
Iturria: Familia
Gabardina hau bere azken egunetan eraman zuen jantzia.
Objektua zenbait pertsonen eta senideen artean pasatu zen: Concha Arrazola izeneko emakume batek jaso zuen fusilamenduaren ostean; Emakume Abertzale Batza kide izanik, jantziari gorde-leku bat emateko eskatu zioten.
Ondoren, Txaber Erraztiren esku egon zen, Laudioko etxe batean, armairu batean, meza-jantzien artean, 40 urtez gorde zela aipatzen da. 2007-2008 inguruan, senitartekoen eskura itzuli zen.
Iturria: Familia
Soraluzekoa zen jatorriz, bertan ANVko kidea izan zen. Elgoibarren ezkondu zen eta bertan harrapatu zuen altxamendu faxistak. Barakaldo bataloi sozialistako kidea izan zen hasieran eta gero Amuategi bataloi sozialistako tenientea. Morkaiko mendiko borrokaldian parte hartu zuen. Borrokaldi hartan hil zen, faxisten artean, Carlos de Borbon y Orleans Espainiako printzia militar faxistekin batera. Goikoetxea Burgosko espetxean egon zen preso eta heriotza zigorra ezarri zioten. Gerora libre gelditu zen. Frankismoan, Franco diktadorearen bisitetan, espetxeratua izan ohi zen berriro, beste hainbat kiderekin batera.
Iturria: Familia eta Elgoibar1936 Elkartea
«Karmele» filmak ekarri berri ditu gogora bi abertzale, euskaltzale eta gudari hauek.
EAJri eta Agirre lehendakariari lotuta aritu ziren gerra garaian. Txomin frankisten torturen ondorioz hil zen presondegian 1950ean. Telesforo Monzonen laguna zen Karmele Urresti 1975ean bueltatu zen bere herrira, Ondarroara. Herri Batasunera hurbildu zen eta Ondarroako zinegotzi izan zen HB ordezkatuz. 2010an hil zen.
Iturria: Familia
Frankismoak heriotza zigorra ezarri zien Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendia Tupa ETAko militanteei (Garmendiaren ordez, gerora, Jon Paredes Txiki hil zuten). Otaegiren eta Garmendiaren aurpegiekin telazko pankarta handi bat agertu zen Ipar Euskal Herriko manifestazioetan. Pankarta hura urtetan egon zen Maite eta Pierrot Cerloren etxean, eta orain Monzon-Olaso Etxe Museora ekarri dute. Pankarta hori Iratzar Fundazioak 1975ko gertakarien bueltan egiten ari den erakusketaren parte da, Olaso Dorrea Fundazioaren erakusketa horren laguntzailea denez. Ondoko argazkiak Daniel Velez argazkilariak atera zituen 1975ean Baionan. Velezek argazki horiek erabiltzeko eskubidea eman dio Olaso Dorrea Fundazioari.
Iturria: Cerlo familia
1979ko maiatzaren 4an, Biarrizko Marion Lakuaren etorbidean Txomin Iturbe ETAko buruzagia tirokatu zuten. Birritan zauritu zuten, besoan eta sorbaldan. Alkandoran agertzen den zuloa sorbaldan jo zion balaren aztarna da. Kotxea berak gidatuz, babesa lortu zuen Angeluko Larochefoucauld etorbideko 6. zenbakian, aipaturiko Cerlo sendiaren etxean, hain zuzen. Jean Pradier Biarrizko medikua izan zen zauriak sendatzera joan zena. Etxe horretan egon zen urtetan alkandora. Zuloa ere josi zioten. Orain Cerlon familiatik Monzon-Olaso Etxe Museora iritsi da.
Iturria: Cerlo famia
2002ko azaroan, Txillarre baserrian egindako bileretan, dokumentu hau sinatu zuten Arnaldo Otegik, Jesus Egigurenek, Paco Egeak eta Pernando Barrenak.
Iturria: Txillarre baserriko Pello Rubio