Monzon-Ganuza 2022ko Saritua

Otsailaren 15ean, goizeko 11:00etan iragarriko da aurtengo sarituaren izena.

Jose Luis Elkoro /

Mari Karmen Ayastuy

(Elgeta, 1935) / (Bergara, 1943)

Jose Luis Elkoro Unamunok (Elgeta, 1935) eta Mari Karmen Ayastuy Agirrek (Bergara, 1943)  Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan, frankismoan bezala ondoren ere. Eta hor egon dira biak: aberriaren alde hartu zuten konpromisoari leial. Elkarrekin amesten, ametsari elkarrekin bultzatzen.

Argazkiak: Senideenak

Bergarako ikastolaren sorreran parte hartu zuten, arriskuak onartuz, seme-alabentzat klandestinitatean egiten zen irakaskuntzaren alde eginez. Gero herrigintzaren deia etorri zen Jose Luisentzat, lehenik, AlkartuNai proiektuaren bultzatzaile eta kide; eta, gero, herriko alkate bezala. Herrigintzan buru-belarri jardun zuen, ekintza askotan parte hartuz, herriarentzat zerua eskatzea bezain garrantzitsua lur bat ziurtatzea dela sinetsita.

Mari Karmen eta Jose Luisek euskara bihotzean eta ahoan izan dute beti. Eta lehen mailako hizkuntza gisa tratatzen zuten. Jose Luisek badaki zer den udaletxean inork euskaraz ez jakitea, idazkari guztiak Espainiatik nola bidaltzen zituzten ikustea, edota zein oztopo zituzten aktak euskaratu ahal izateko. Eta euskara lehen lerroan jarri dute biek, Elay familia enpresan ere: aitzindariak izan dira euskararen sustapena ardatz gisa hartzen.  Elay martxan jarri zutenetik, oso garbi izan zuten euskarak bere tokia behar zuela, lana euskaraz egitea posible zela. Eta egin behar zutela. Eta bidea zabaldu zuten, eta gaur, Elayn euskaraz modu naturalean egiten da lan. Are, makina eta teknologiak eskuratzeko, programazioa eta argibideak euskaraz izatea baldintza gisa ezarrita, gure hizkuntzak, ingelesa, alemana edo txineraren pare, noranahikoa dela frogatu dute

Jose Luis Elkoro Alkateen Mugimenduan nabarmendu zen 1976an, Euskal Herriak bere izenean hitz egiteko instituzio eta botere legitimoak ez zituenean. Euskal Herriaren askatasunaren alde lehen lerroan mobilizatu ziren udalak, artean alderdi politikoak ilegalizatuak zeudenean. Bozeramale eta ordezkari ez ezik, herri hau gobernatu ere egin zuten. Madrilen zuzenean ikurriñaren legalizazioa, euskararen aitorpena, autonomia estatutu nazionala, eta beste hainbat kontu kudeatuz. Herri honen geroa markatu duten eztabaiden pil-pilean egon ziren alkate haiek, eta hor nabarmendu zen, beste askorekin, Jose Luis.

Telesforo Monzon eta Jose Luis lagun minak ziren. Telesfororekin aritu zen Jose Luis Txibertan, eskuz-esku, abertzaleen batasunaz bakeari eta askatasunari aukera bat sortzeko. Ez zen posible izan, baina hauts haietatik altxatu ziren, batasunaren, bakearen eta burujabetzaren alde. Herri Batasunaren sorreran egon ziren Telesforo eta Jose Luis, Mahai Nazionalean biak, politikatik eraginez. Txibertan egin bezala, bakearen ildoa jorratzen lan asko egin du Jose Luisek, Madrilen, Ameriketan edo Suitzan, hitzari aukera bat emateko, eta negoziazioari, bide bat.

Herri Batasunakoa izateagatik sartu zuten preso  Jose Luis. Gero, “Egin” egunkariaren enpresa editorearen administrazio kontseiluko lehendakari izateagatik. Jose Luis eta Mari Karmen euskal prentsaren eta prentsa askatasunaren sustatzaile handiak izan dira. Egoera gogorrak bizi beharra tokatu zaie. Baina aurrera egin dute beti. Eta euren barneko konpromisoari tinko eutsi diote: batasunetik Euskal Herriaren aldeko lanari.

Jose Luisen jardunaz luze mintza gaitezke, luzea eta oparoa izan baita espazio publikoan egin duen ibilbidea. Eta Mari Karmenek, ibilbide horri bide eman zion, ondoan eta albotik babestu zuen, askotan kide gisa lanean aritu zen eta, noski, espazio pribatua deitzen zaionaren ardura ia osoa eraman zuen. Eta espazio pribatu hori eta hor egiten den lana ere balioan jarri behar da, prestigiatu, hori gabe ezin delako bizitza sostengatu.

Mari Karmenek harreman estua izan zuen Maria Josefa Ganuza-rekin. Bizipen asko zituzten komunean. Horrek batu zituen, eta hitz, asmo, gogo eta nahigabeak partekatu zituzten. Maria Josefak lagun eta sustengu izan zuen Mari Karmen. Horrez gain, arestian aipatu bezala, Bergarako ikastolaren sorreran parte hartu zuen Mari Karmenek, Jose Luisekin batera.  Herri honetan espetxea eta erbestea pairatu behar izan dutenen eta hauen senideen etengabeko sostengu horietako bat izan da Mari Karmen. Xamur, apal, behar denerako beti prest. Beti hor.

Eta hori guztia gutxi balitz, Olaso Dorrea Fundazioko patronatu kide izan dira biak, 2018ra arte, Jose Luis fundazioaren lehendakari zelarik.

Jose Luis eta Mari Karmen, Mari Karmen eta Jose Luis, biek eutsi diote erronkari, Euskal Herriarekin konpromisoa bizitza osoko lan eginda, maite duten herriari beren onena emanda. Aurten Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Sariarekin ekarpen handi hori aitortzen dugu. Utzi diguten eredua jarraibide ederra dugu. Hala bedi.