Monzon-Ganuza 2023ko Saritua

Otsailaren 15ean, goizeko 11:00etan iragarriko da aurtengo sarituaren izena.

Xabier Amuriza: “Bergarako alkateak sariaren berri eman zidanean poz olatu bat sentitu nuen, uhin bat barrutik, eta hala nago oraindik”

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen bart, hirugarren urtez, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian. Bertsoaren munduko, herrigintzako, kultura arloko, euskalgintzako eta beste hainbat kolektiboetako ordezkari eta herritar, Amurizaren senitarteko eta lagunekin batera izan ziren ekitaldian.

2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.

Xabier Amuriza izan da aurtengo sariduna, eta pozez eta hunkituta jaso zuen aitortza. Poza izan zuen hitz nagusi saria eskertzeko egin zituen lehen hitzetan.Bergarako alkateak berria eman zidanean halako poz olatu bat sentitu nuen, uhin bat barrutik, oraindik ere sentitzen dudana”. Bergararekin izan duen loturaz ere hitz egin zuen. Hala nola, kontatu zuen Telesforo Monzon eta Josefa Ganuza nola ezagutu zituen, edota Bergarako frontoian zein hainbat auzotan bertsotan aritu izan dela.

Sari banaketan, Gorka Artola Bergarako alkatea honela zuzendu zitzaion Amurizari: “Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta kulturari bizitza osoan egindako ekarpena da zurea, eta hori aitortu nahi dizugu sari honekin. Pentsatzen jarrita, ez da bakarrik gauza asko egin izana, baizik eta askotarikoak, ertz ezberdinekoak. Poliedro baten antzera.” Alkateak bertsotarako bota zion erronkari gogotsu heldu zion, eta kopla sorta eskaini zien bertaratutakoei.

Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Amurizak izan duen konpromiso politikoaz aritu zen. “Urte luzez, zure hitz, bertso eta kantak egoera politikoaren kronika izan dira. Beti egon zara prosarako eta lirikarako prest. Euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren alde zure hitza eta jarduna eskaintzeko prest. Funtsean, gure herriarekiko konpromisoa etengabe agertzeko prest… ez zenuen inoiz fedea galdu”, esan zion.

Oparoa da bere ibilbidea eta horren errepasoa hainbat parte-hartzeekin osatu zen ekitaldian zehar. Esaterako, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusi irabazi zuen Amurizak 1980an eta 1982an, eta horri keinu eginez, gaur egungo txapeldun Maialen Lujanbiok kantatu zuen ekitaldian. Bertso Eskoletan iraultza ere ekarri zuen Amurizak, eta hori gogorarazteko Bergarako Kopla Barik bertso eskolako Unai Arantzabal, Enaitz Alustiza eta Gari Lopez de Muniainek kopla batzuk abestu zituzten. Eskertuta eta hunkituta jaso zituen horiek, baita Korrontziko Agus Barandiaran ere. Azken urteotan emanaldiak egin dituzte elkarrekin.

Bere kultur jarioa amai ezina da. Hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, hala nola, ‘Mendian gora haritza’, ‘Furra furra’, edo ‘Euskal Herrian Euskaraz’. Azken hori abestuz amaitu zen ekitaldia.

Euskal kulturari egindako ekarpenaz gain nabarmena da urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa. Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzaile izan zen frankismoan.

Politika arloan ere urte luzez azaldu zuen herriarekiko konpromisoa.

Saria Iker Serranoren ‘Haitz_erroa’ artelana

Sari honek txanponak bezala bi alde ditu: saria jasotzen dutenena eta sariaren egilearena. Izan ere, euskal artista berriak sustatzeko ere baliatu nahi da sari hau. Urtero artista berri batek izango baitu saria diseinatzeko edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuz, eta belaunaldien arteko zubi lana eraikiz.

Xabier Amurizak ‘Haitz-erroa’ artelana jaso zuen sari gisa. EHUko Arte Ederretan doktore eta bertan irakasle laguntzaile den Iker Serrano Robles iruindarrak egindakoa.

Euskarak mendeetan zehar irautea harriaren gogortasunarekin lotu nahi izan du Iker Serrano Robles sortzaileak. Haitz hitzaren erroa zein doinua aipatzen ditu euskararen jatorriari erreferentzia egiteko. Bere pinturarekin haitza, aizkora, eta horien zorroztasuna eta antzinatasuna lotzen ditu. Iragana, oraina eta etorkizuna iradokitzen ditu espazioan kokatu dituen hamar harri zorrotzekin.

P R O F I L A

Xabier Amuriza Zarraonaindia

(Etxano, 1941)

Xabier Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin dio Euskal Herria, euskal kultura eta euskarari.

Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen 1941 urtean eta sei urterekin, aitarekin, Etxanoko Azutzaganeko tabernan egin zituen lehen bertsoak jende aurrean, lehen plaza Epeltze auzoko San Antolinetan egin zuelarik 1966an, Gizaburuagan, Abel Muniategirekin. Bertsolaritza eta kopla arloan Amurizak egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, berauen zabalkundean ere

nabari eragin du.

Argazkiak: Foku eta artxiboa

1980ko hamarkadan Xabierrek berritasun handia ekarri zion bertsogintzari, eta seguraski ezinezkoa da egungo Bertsolaritza modernoa ulertzea bere ekarpena kontuan izan gabe. Bai hizkera arloan, bai bere irudi eta metafora-mundu poetikoaren erabileran eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak, (ordu artekoak ez bezalakoak) iraultza suposatu zuten bertsolaritzan. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: neurri eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso bestelakoak.

Nabarmentzekoa da bertso eskoletan eragindako iraultza. Helduentzako bertso eskoletako lehen ikasmateriala apailatu zuen: Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua.  Hamaika

hitzaldiekin helduen bertso eskolak sortarazi eta eman zituen. “Bertsotan aritzeko jaio egin behar da” ustea eraitsi zuen, ikas zitekeela demostratuta geratu baitzen, etorkizuneko bertsolari belaunaldien segida ziurtatua geldituz.

Bertsogintzari dagokionez, euskara batua ekarri zuen Txapelketa Nagusira; ikustekoa da 80 eta 82ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan zerabilen lexikoa eta esamoldeak.

Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen. Ez da harritzekoa beraz bi aldiz izan izanan Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna, 1980 eta 1982an.

Euskal kulturari egindako ekarpenaz gain nabarmena da urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa. 11 urterekin seminarioan sartu zelarik, bere heldutasunean Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzaile izan zen frankismoan eta Derioko eta Bilboko apezpiku etxean egindako entzierroetan egon zen. Horren ondorioz zazpi urte egin zituen preso Zamoran eta Basaurin, hiru

espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgoa.

Politika arloan ere urte luzez azaldu zuen herriarekiko konpromisoa eta Zornotzako udalean zinegotzi, Bizkaiko Batzar Orokorretako batzarkide eta Gasteizko legebiltzarreko legebiltzarkide izan zen Herri Batasunaren izenean, 80. hamarkadan. 1982 urtean berriro atxilotu zuten Bizkaiko

Juntetxean, Espainiako Erregearen etorrera dela eta, Herri Batasunako beste ordezkariekin Eusko Gudariak abesteagatik.

Bere kultur jarioa amai ezina da. Egin egunkarian “Telefono Gorria” zutabea idazten zuen. Itzulpengintza arloan klasikoak itzultzeaz gain, ETBko Dragoi Bola haurrentzako telesaila itzuli zuen.

Hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, hala nola “Euskal Herrian Euskaraz”, “Mendian gora haritza” edo “furra furra”. Manuel Lekuona eta Lauaxeta Sariak jaso ditu azken urteotan.

Bizitza oparo bat Euskal Herria, euskara eta euskal kulturari eskeini eta eskeintzen diona. Urte askotarako Xabier!


Notice: Undefined variable: single in /home/olasodorrea/www/wp-content/plugins/video-popup/admin/on-pageload.php on line 290

Notice: Undefined variable: page in /home/olasodorrea/www/wp-content/plugins/video-popup/admin/on-pageload.php on line 290