Bizitza
Amaia ZubiriaDonostiako eta Usurbilgo Zubieta auzoan (Gipuzkoa) jaio zen, 1947 urtean. Zortzi senideetan gazteena, haurtzaro gogorrean zaildu zen bizitzarako.
Aita sekula plazarik egin ez zuen ahots bikaineko bertsolaria eta ama kantuzale iaioa izanik, txikitatik jaso zuen kanturako zaletasuna. Kantatzea etxean eta lagunartean gorde beharreko kontua zelakoan, ezkutuan hasi zen, 16 urterekin, kantari berrientzat garai hartan ohikoak ziren txapelketetan parte hartzen. Halako batean La voz de España egunkariko argazki batean agertu, eta horrela jabetu ziren etxean Amaia gazteak kantaria izan nahi zuela. Sekulako iskanbila sortu zuen deskubrimenduak, gurasoek ez baitzuten nahi alabak plazan kantatzea.
Txomin Artola ezagutu zuen 70eko hamarkadaren erdialdean; biek maite Walt Whitman poeta estatubatuarra. Amaia Zubiriak dioenez Wilthmanek politika eta maitasuna biak zituen, eta beraiek ere dena onartzen zuten: beraien gorputza eta beraien arima, bere letretan esaten zuen bezala. Ordurako Amaiaren iritzien beraiek besteak baino aurrerago zindoazen hori ikusten, oso garai politikoa baitzen, eta politika egitean ezin omen zen maitasun kanturik egin. Ikusten zuten aseptikotasun hori hartzen ari ginela, gu poesia ez duena bagina bezala, gu herri lehor bat bagina bezala. Beraz ikusten zuten errebindikatu beharra zutela poesia, maitasuna, politika bere osotasunean, bere osotasunean herria, ez ginela zikiratu behar, ez genuela utzi behar gure alderdi hedonista hori, beharrezkoa genuelako baita borroka egiteko ere.
Abestigintza
Eta horrela Artolak proposatu zion HAIZEA taldean kantari gisa jardutea. HAIZEAK ezagutarazi zuen Amaia Zubiriaren ahots garden eta sentikorra. Ordu arte Hego Euskal Herrian entzun ez zen emakume kantaera zen hura, eta entzuleak txunditu egin zituen. Esan daiteke, zalantzarik gabe, Amaia Zubiriaren ahotsa izan zela taldearen arrakastaren gakoetako bat.
Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi eta bi disko grabatu ondoren —Haizea (Herri Gogoa, 1976) eta Hontz gaua (Xoxoa, 1979)—, Frantziara eta ondoren Iparraldera jo zuen, eta hainbat jazz musikarirekin hasi zen lanean. Horrela ezagutu zuen Pascal Gaigne (Tolosa, Okzitania) gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun diskoan (IZ, 1980) parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin batera. Disko horretan Etxahun Barkoxe eta Etxahun-Iruri-ren piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.
Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika. Egun argi hartan (Elkar, 1985) izena hartu zuen bikotearen lehen diskoak. Herri kantak, gitarra jostagarriak eta ahots sakonak: hori izan daiteke diskoaren laburpenik egokiena.
Diskoan nabaria da, ordea, Pascal Gaigneren konposizio eta moldaketen itzala. Hurrengo urtean Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986) kaleratu zuten. Aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen.
Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, La fuga de Segovia (Angel Amigo, 1981) filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, Tango kantuarekin parte hartu zuen La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1983) filmaren musikan. Dena dela, Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik Panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Santa Cruz, el cura guerrillero (Jose Maria Tuduri, 1990), Loraldia, el tiempo de las flores (Oscar Aizpeolea 1990) eta Como tú quieras (Joseba Salegi, 1992
Bikoteak zinemarako egindako lan horren guztiaren emaitza da Hamar urte zineman bilduma diskoa (Angel Amigo, 1990), Amaia Zubiriak eta Pascal Gaignek bikote gisara kaleratutako azkena. Geroztik elkarren arteko harreman artistikoa ez da hautsi, eta Pascal Gaignek Amaia Zubiriaren diskoetako kolaboratzaile ia finkoa izaten jarraitu du.
Bere disko eta kantaldiez gain, ez da zaila Amaia Zubiriaren ahotsa 80ko hamarkadako disko askotan topatzea, Imanol Larzabalenak eta Txomin Artolarenak lekuko. Modu naturalean egin zuten berriro topo Artolak eta Zubiriak, gero eta elkarlan mamitsuagoa osatuz. Horren emaitza da hiru diskok osatutako Folk-Lore sorta bilduma. Lehenak, Folk-lore-sorta 1 (Elkar, 1991), oihartzun handia lortu zuen komunikabide eta zaleen artean. Herri kantuen bertsio fidelak dira, bi kantarien ahotsak nabarmentzen dituen laguntza musikal akustiko dotoreez jantziak. Joxan Goikoetxea (soinua, teklatuak) eta Alan Griffin (whistlea, flauta, txirula…) Alboka taldeko kideak dira laguntzaileak. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan, eta 1993an desegin zuten bikotea beste bi disko kaleratu ondoren: Folk-lore-sorta 2 (Elkar, 1992) eta Folk-lore-sorta 3 (Elkar, 1993).
Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta lau disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza (IZ, 1995) da lehena eta kantariaren azken urteetako ildoaren adierazle. Kantu tradizionalak eta jazz musikatik datorren esperimentazioa uztartuta, batez ere kantatzeko moduan eta ahots jokoetan adierazten dena. Gainera, izenburuak ongi adierazten du diskoaren intentzio “feminista”, Zubiriaren jardunaren beste ezaugarrietako bat.
Inauterietako kantuekin osatu zuen Hou Pittu Hou diskoa (Elkar, 1998). Urte berean kaleratu zuen Mami xuri (IZ, 1998), eta handik lau urtera, berriz, Haatik (Elkar, 2002). Bere azken lana Nabil izan da (Elkar, 2008), hainbat kantu herrikoi ezagunen bilduma (“Maitia nun zira”, “Prima eijerra”, “Itsasoa laino dago”…). Zuzenekoak ematen jarraitzen du, eta horietako askotan Edorta Amurua semea eduki du laguntzaile gitarrarekin.