Monzon-Ganuza 2026ko Saritua

Otsailaren 15ean, goizeko 11:00etan iragarriko da aurtengo sarituaren izena.

Miguel Castells Artetxe (Busturia, 1931)

Miguel Castells: bere lana eta bere ahalegin guztia ahulen alde jarriko zuela erabaki zuen euskal hiritar utopikoa.

Miguel Castells Artetxe Busturian jaio zen 1931ko abuztuaren 26an.

 

Miguelen lehen urteak amaren gaixotasunak baldintzatu zituen. Berriki kaltzadatarrei esker jakin du amak ezin zuenez edoski, ama Leonak elikatu zituela bere esnearekin Laura, Julen Kaltzadaren bigarren arreba, eta bera. Ama Leona Francok fusilatuta hil zituen Busturiko zinegotzietako baten alarguna izango zen gero.

 

Bétera izan daitekeen Valentzia barnealdeko herrixkako egonaldian bizitako gertakari pare batez gain, bere lehen oroitzapen fidagarriak lauzpabost urte zituenekoak dira, Albarracín eta Teruelekoak. Amaren gaixotasunagatik harentzako eguraldi egokiagoaren bila joan baitziren hara. Aita, Miguel Castells Adriasens, bertako Jabetza Erregistroko buru zen 1936ko uztailaren 18ko matxinada militarra gertatu zenean. Azañaren dekretu bati esker erretiroa hartuta zegoen armadako juridiko militarra izana zenez, Teruelgo errebeldeen armadara batu behar izan zuen. Espainiako Gobernu errepublikanoaren armadak hiria bonbardatu, setiatu, eta bereganatu zuenean aita kartzelan sartu zuten. Ama, aldiz, hiria setiatu aurretik hil zitzaion. Horrela, Miguel, gero bere bigarren ama izango zen izebarekin eta babes hartuta zeudenean Teruelgo Banco de Españan eztanda egin zuen lurrazpiko lehergailuak zauritua gertatu zen arreba txikiarekin, seguruenera Eusko Jaurlaritzaren bidez eskuratutako izen faltsudun dokumentazioaz hornituta Valentzian ontziratu eta Marseillan barrena Busturira itzuli zen.

 

Ordukoa da euskararekin izandako harremanari buruz daukan lehen oroitzapena: “nik uste dut orduan banekiela euskaraz, hango haurrekin jolas egiten nuenean elkar ulertzen genuelako, eta haiek ez zekiten gaztelaniaz”.

 

Matxinoek gerra irabazita aita etxera itzuli ostean hasi zen Miguel haurraren bidaldi berria: aitarekin Darocara joan zen aurrena; ondoren, Tuterara, barne-ikasle josulagunen ikasguan batxilerreko bigarren ikasturtea egitera; azkenik, aitak hutsik zegoen notario posturako lehiaketa irabazi zuenean, bere bizileku eta hiri izan den Donostiara iritsi zen.

 

Gerora lehendakari izango zen Jose Antonio Agirre Lekuberen ikaskide eta lagun izan zen bere aitaren bideari jarraituz, berak ere lege ikasketak egin zituen josulagunen Deustuko Unibertsitatean lehendabizi eta Madrileko Unibertsitate Zentralean, ondoren.

 

Castellsek esan ohi du 1956an hasi zuen abokatu langintzaren egunerokoak erakutsi ziola gizartearen eta bizitzaren errealitatea nolakoa den: “ legeak eta zuzenbidea ikasi bitartean lainoetan bizi nintzen, baina abokatutzan jardueran hasterakoan lur-hartu nuen”. Eta lur-hartze horrek bere bizitza osoan ardatz izan duen irizpidea finkatzen lagundu zion: beti ahularen aldean kokatu da.

 

Donostian bulegoa ireki eta abokatutza jardueran hasi zenean Francoren diktaduraren bidegabekeriekin egin zuen topo, eta lehen unetik egin zion aurre autoritate militar eta zibilen nagusikeriari. Berak esan ohi duenez, abokatutzak lagundu zion nagusiki euskal herri langileak jasaten zuen zanpaketa nazional eta sozialaz jabetzen. Tortura salaketa batzugatik jarritako isun bat ordaintzeari uko egiteagatik sartu zuten kartzelara lehen aldiz. Berak dioenez, “sendagile bisitak” besterik ez dira izan kartzelako bere egonaldiak, baina gehitzen du bere iritzian zigor-legeekin lan egiten duten guztiek egin beharko luketela kartzela-egonaldiren bat, beren langintzaren oinarri eta tresna den “materia” beren azalean ezagut dezaten.

Gertakizun hori giltzarria izan zen bere bizitza Euskal Herriarekiko konpromiso politiko eta sozialaren bidean jartzeko orduan: kartzelan ezagututako ETAko kideek eskatuta, atera zenean, egoera politikoarekin ados ez zeuden abokatu batzuei haien defentsaz arduratzeko kolektibo bat osatzeko proposamena helarazi zien.

 

Horren harira dio garai hartan, euskal erresistenteen defentsa musu-truk egiten zutenez gastuak ordaintzeko bikoitz lan egin behar zutelako eta, gainera, errepresio egoerak ustekabekoak eta larrialdiak zekartzalako, lauzpabost alditan saiatu arren, ez zuela izan euskara ikasteak eskatzen duen jarraitutasunerako aukerarik izan.

 

1968an, Meliton hil zen. ETAk Manzanasen aurkako ekintza burutu ostean Gipuzkoan ezarritako salbuespen egoera indarrean egon zen bitartean, beste asko eta asko bezala atxilotu zuten. Ehunka izan ziren torturatuak. Bera, beste batzuen antzera, Espainiako herri txiki batetara deserriratu zuten hainbat hilabetez.

 

Berak dioen bezala, abokatuak noranahikoak direnez, ohikoan epai-mahaikoekiko hausturarik ez zekarren elkar aditzezko epaiketetan ari zen bitartean, “haustura epaiketa” deitutakoen aditu bihurtu zen ere 1960 hamarkadan ETAren aurkako errepresioa gogortu ahala. Estrategia horren goren puntua izan zen 1970eko Burgosko Auzian parte hartze erabakigarria izan zuen.

 

Orduko hartan auzipetu zituzten hamasei euskal herritarrek zigor eskaera handiei aurre egin behar zieten, tartean sei heriotza-zigor. Hamasei abokatu defendatzaile izan ziren auzipetuekin adostasun erabatekoan haien galdeketen bidez Euskal Herriak Francoren diktadurapean bizi zuen errepresio egoera salatzeko bidea eman zietenak. Batzuk baino ez aipatzearren: Joxean Etxebarrieta, bi urte lehenago Guardia Zibilak hil zuen Txabiren anaia eta “epaiketa politiko bat” zela aldarrikatuz tribunalari desafio egin ziona, Juan Mari Bandres, Artemio Zarco, Elias Ruiz Ceberio eta baita ere ondoren Miguelekin batera auzi horren azterketa juridiko-politikoa egin zuen liburuaren egile izan zen Paco Letamendia “Ortzi”. Castells berari egokitu zitzaion Mario Onaindiari auziaren haustea ekarri zuen galdeketa egitea.

 

Berari egokitu zitzaion ere, 1975ean Modelo kartzelan Juan Paredes Manot “Txiki”ri fusilamentu bezperan egindako bisitan gainean zeraman liburutik orrialde bat erauzita hark eskuz idatzi zuen mezu politikoa jaso eta Euskal Herrira eramatea.

 

Francoren heriotzaren ostean, amnistiaren aldeko borrokan buru-belarri murgildu zen, Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetarikoa izan zelarik. Euskal preso politikoen askatasunaren aldeko eta errepresioaren aurkako borrokak Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitako bere partaidetza politikoan sakontzera eraman zuen. Mugimendu horrekiko bere leialtasuna arrakalarik gabea izan da urte guzti hauetan.

 

Leialtasun horrek eraman zuen lau alderdik eta alderdietatik kanpoko pertsonek osatutako Herri Batasuna koalizio politikoan hautetsi izatea onartzera, KAS Hautabidearen oinarrizko puntuak onartzen ez ziren artean Espainiako legeditik eratorritako instituzioetan parte hartzeari uko eginez. 1979ko Espainiako hauteskunde orokorretan senatari hautatu zuten eta 1980ko Gasteizko Legebiltzarrerako lehen legegintzaldirako parlamentari. Kargu politiko horiek Euskal Herriaren aldeko borrokarako, errepresioaren aurka egiteko eta preso, erbesteratu eta arrazoi politikoengatik jazarriak zirenen alde egiteko erabili zituen.

 

1979ko hauteskunde kanpainan euskal preso politikoen askatasunaren aldeko Herri Batasunaren hautagaien itxialdian parte hartzeagatik atxilotu eta 48 orduz kalabozotan eduki zituzten. Haien artean zegoen ordurako 75 urte zituen Telesforo Monzon. Oroitzapen hau gordetzen du Castellsek: “Goizean Telesforo Monzonek horrelako zerbait esan zuen: ‘Hau da egun ederra daukaguna! Badator eguzkia Aizkorri eta Aratz mendien atzetik’… eta kalabozoetako korridoretik sartzen zen fluoreszente nekatu baten argia besterik ez zen!”.

 

1981ko otsailean HBko eta LAIAko hautetsiek Espainiako errege Juan Carlos I.ari Gernikako Juntetxean ‘Eusko gudariak” kantatuz errefusa agertu ziotenean oraindik ere antolatu gabeko Ertzaintzaren aurrekari zen “Berrozi” deiturikoek bortxaz eta indarrez kanporatu zituzten eta errege espainiarraren aurkako irainengatik zigortua izan zen Jokin Gorostidi, Txomin Ziluaga, Jon Idigoras, Joxerramon Etxebarria eta besterekin batera, gerora errugabetu bazituzten ere.

1983an urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten 1979an Punto y Hora de Euskal Herria astekarian epe laburrean gertatu ziren German Rodriguezen, Joseba Barandiaranen eta beste hogeita bederatzi pertsonen hilketak zigor gabe geratu zirela salatu eta berorien erantzukizuna estatuaren aparatuei, Espainiako Gobernuari eta gobernuko alderdiari egozten zien artikulu bat argitara emateagatik. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zigorra berretsi zuen arren, Europako Giza Eskubideen Tribunalak 1992an adierazpen askatasunaren izenean epaia bertan behera utzi zuen.

 

Espainiako Gorteetako senatari karguaren babesean hasieran eta ondoren abokatu soil gisa Frantziak eta Espainiak munduan zehar deportatu zituzten euskal errefuxiatuei babes politiko eta juridikoa ematen aritu zen 1980ko hamarkadan. GALek hil zuen Santi Brouard, Jose Luis Elkoro eta besterekin Europako, Afrikako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetara joatea egokitu zitzaion.

 

Garai hartan egin zuen euskara ikasteko saiakera berria bertan behera utzi behar izan zuen aurrekoan bezala klasetara joateko jarraitutasunik ez zeukalako, eta bere hitzetan “saiatu zen adinean ez” zeukalako “hizkuntzak ikasteko trebetasunik”.

 

Besteren artean euskal preso politikoen aldeko defentsa lanari buru-belarri aritzeko utzi zion ordezkaritza politikoari. Ehunka dira beraren aholku eta defentsa jasotako euskal borrokalariak.

 

Txikitan, gerra-oste gogorrean hazitako Castellsek gogoan du garaiko bortxa giroagatik nola eskolan behin eta berriro borroka egin behar izaten zuen, eta aitak beti galdetzen ziola bera baino handiago baten aurka edo txikiago baten aurka egin ote zuen borrokan. Handiago baten aurkako borroka izan bazen igandetako paga jasotzen zuen, ez ordea txikiago baten aurka izan bazen. Hortik datorkioke handien aurkako borrokan ez etsitzeko izaera. Hartara, oraindik ere bi dira bere borroka grina hauspotzen duten auziak: euskal preso politikoen amnistia eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren desegitea.

 

Miguel Castells erreferentziazko legelaria bihurtu da Euskal Herrian eta Euskal Herriko mugetatik kanpo ere. Legegintza ikasketetan erabiltzen dira bere irizpide juridikoak. Bere pentsaeratik urrun daudenen begirunea ere irabazia dauka. Edonola ere, hau da Castellsek defentsarako kasu bat onartu ala ez erabakitzerakoan darabilen irizpidea: “inoiz ez dut defendatuko gizona emakumearen aurka, ezta enpresaria langilearen aurka”.

 

Beste askok bezala, Euskal Herrian jaio ez diren edo kanpotik etorri diren euskal herritarrak milaka direla eta aintzatespena merezi dutela uste du Castells. Horien artean aipatzen ditu Txiki, Jose Bergamin eta bere alaba Teresa, Eva forest, Alfonso Sastre, Justo de la Cueva, Fini Rubio eta beste asko.

 

Berari dagokionez dio ez dela erabateko euskal herritara, Busturian jaio arren ez dakielako euskaraz hitz egiten. Hori dauka bizitzako arantzarik handiena. Busturiko kuadrillakoek euskara ez jakiteagatik adarra jotzen diotenean, erretiroa hartzerakoan jarriko dela euskara ikastera esan ohi die.

 

Laurogei eta hamalau urteak beteta oraindik ere Castells erretiroa hartu gabe dago ordea. Hori dela eta 2020an Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak kondekorazio berezi bat eskaini zion, ordurako Ofiziozko Txandan hirurogei urte baino gehiago aritua baitzen doako justizia eskainiz zaurgarrienei.

 

Goizeko prentsa orriztatzerakoan euskaraz idatzitako artikuluren bat interesgarri iruditzen bazaio, bere idazkariari eskatzen dio itzultzaile neuronala erabiliz itzul diezaiola eta, irakurri ahal izateko, ordenagailuko pantailan hizki handi-handietan jar diezaiola.

 

Horrela irakurri ditu ere onespena eman dien berari buruzko ohar biografiko hauek.

 

Euskara jakin gabe ere, zalantzarik ez dagoena da Miguel Castells, legediaren tresnak eskutan hartuta, Euskal Herri independente eta sozialista baten aldeko gudari nekagaitza dela.

BIBLIOGRAFIA:

 

Hainbat hedabidetan argitara emandako ehunka artikuluez gain hauek dira Miguel Castellsek argitaratutako liburu nagusiak:

 

– El Proceso de Euskadi en Burgos. Sumarísimo 31-69, Kepa Salaberri izengoitipean Paco Letamendiarekin batera, Ruedo Ibérico, 1971, (Txalaparta, 2020, berrargitarapena).

 

– Consejos de Guerra en España: Fascismo contra Euskadi, Pierre Celhay izengoitipean, Ruedo Ibérico, 1976 (Aranzadi Zientzia Elkartea, 2024, berrargitarapena).

 

– Los procesos políticos (de la cárcel a la amnistía), Fundamentos, 1977.

 

– El mejor defensor, el pueblo, Ediciones Vascas, 1978.

 

– Radiografía de un modelo represivo, Ediciones Vascas,1982.

 

– ¿Proceso al jurado?: conversaciones con Miguel Castells, Eva Forest, Hiru, 1997.