Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren bizitza, Euskal Herria, euskara eta euskal kulturari eskainitako bizitza da.
Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren bizitza, Euskal Herria, euskara eta euskal kulturari eskainitako bizitza da.
1927 urtean, gazte zelarik, Telesforo Monzonek, abertzale bihurtu eta segidan euskara ikasi zuen. Ordutik aurrera, euskara eta euskal kulturaren sustapena bere jardunaren ardatz izango dira.
1935eko Martxoaren 24ean Josefa Ganuzarekin ezkondu zen eta ordutik aurrera ezin da baten jardunbidea bestearenarengatik bereizi. Telesforok Josefa izango du bidaide, eta biek euren bizitza osoan zehar, Euskal Herriaren alde lanean jardungo dute.
Bide horretan, Telesforo Monzonek, bere jardun politikoaz gain (Bergarako zinegotzi, Madrilen Gorteetako diputatu, EAJko GBBko Lehendakari, Eusko Jaurlaritzako Gobernazio Sailburu, Herri Batasunako mahaikide…), Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseilari, Euskaltzaleak elkarteko kide, Eusko Ikaskuntzako VII Biltzarraren antolatzaile, eta Euskera eguna, Bertsolari-Festa, Abesti-Jai, Dantza-Ageri, Ikasle Bilkura, Antzerki eta abarren antolatzaile izango da. Poesia, antzerki eta artikulu egile gisa ere lan oparoa utziko digu, Josefa beti bidelagun izango duelarik.
Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, berak eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria jarri dugu abian Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak elkarlanean.
Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira.
Saria erabakitzeko unean, kontuan izango dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia, edo eta batasunaren balioa.
Era berean, euskal kulturgileak sustatzeko saria:
Saria sinbolikoa izango da, eta Telesforo Monzon zein Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat izango da. Saria euskal artista berriak sustatzeko erabiliko da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio eta horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako eta euskal kulturgintza hauspotzeko ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi dugu.