Nor zen

Telesforo Monzon

Telesforo Monzon, Bizente Monzon Lardizabal eta Concepción Ortiz de Urruela Ceballosen semea, 1904ko abenduaren 1ean jaio zen Bergarako Olaso Dorrean. Guztira sei anai-arreba izan ziren: Pilar, Francisca, Maria Angeles, Dolores, Telesforo bera eta Isidro.

Familia lur-jabe garrantzitsu bateko semea zen, leinu ezagunekoa, oinordetzan jasotako ondarearen kudeaketa soiletik eta honek sortutako errentetatik bizi zena, Olaso Dorretxean, Bergaran.

Haurtzaroa zein gaztaroa

Bederatzi urte zituela, aita bihotzekoak jota hil zen, eta ordurako nagusiki Bergaran bizi izan bazen ere, udak Donibane Lohizunen pasatuz, handik aurrera bizileku aldaketa asko izango ditu: Tolosa Gasteiz, Ávila, Donostia, Madril.

Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak, bukatu ez bazituen ere, eta familia karlista tradiziokoa izan arren, Telesforok euskal abertzaletasunarekin egin zuen bat gazte-gaztetatik. Berak kontatzen zuenez, 1927an, soldadutza amaitu eta hilabete batzuetara, Madriletik bueltan, Leintz Gatzagan, artzain emakume bat ardiekin ikustean piztu zitzaion abertzaletasuna. “Artalde bat zetorren, neska gazte bat artzain zuela. Laino zegoen. Neska kantari ari zen. Ez dakit zer gertatu zitzaidan une hartan: ‘abertzale naiz’ ohartu nintzen”. Madrilen euskara ikasten hasi zen, eta gero, Tolosako Urkizura eta Arantzazuko Urbiara joan zen hizkuntzaren ezagutza osatu asmoz.

Eusko Alderdi Jeltzalea

Abertzaletasunak bultzaturik, ahantzia zuen euskara ikasi zuen berriro, eta EAJko kide egin zen 1930ean, Bigarren Errepublika hastear zela. Garai hartan, Bergarako EAJko zinegotzi hautatu zuten 1931ko apirilaren 12an. Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako Probintzia Kontseiluko ordezkari izendatu zuten, eta bertan, euskara eskoletan sartzeko hezkuntza-proiektua aurkeztu zuen. Euskarak bere pentsamendu politikoan duen garrantziaren adierazlea da ere El Día egunkarian editorial gisa bi zatitan agertu zen “El euskara en las clases altas” bere artikulua. Urte horretako maiatzean, Elgetan, bere lehen mitina eman zuen, eta hortik aurrera ehunaka izan ziren hegoaldeko lau herrialdeetan emandako mitinak. 1932an, Bergara ordezkatu zuen Zumarragan bildu zen Euskal Udalerrien Batzarrean. 1933an, Bigarren Errepublikako Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten. Hizlari eta mitinlari ezagun eta aparta izan zen garai haietan, eta Juan Karlos Linazasoro Altzeta, Jose Ariztimuño Aitzol, Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo, edota Teodoro Hernandorena izan zituen, besteak beste, mitin-kide. Euskaltzaleak elkarteko lehendakari izendatu zuten ere bai.

Katalan abertzaleekin lotura sakonak mantendu zituen garai haietan Galeuscaren baitan, eta 1934 urtean, EAJko beste ordezkariekin batera, Madrileko Parlamentutik erretiratu zen Kataluniarekin elkartasunean. Urte berean, euskal udalak Samper gobernuaren aurka altxatu ziren, eta indar armatuek udalak hartu zituzten; Monzon Bergarako udaletik baztertu eta atxilo hartu zuten Ondarretan espetxeratzeko. Uko egin zion deklaratzeari, ez bazen euskaraz.

Agirre Lehendakariarekin.

Ezkontza

1935eko martxoaren 24an ezkondu zituen Juan Ajuria parrokoak Eskoriatzan, bertako Maria Josefa Ganuza Lardizabal eta Telesforo Monzon (lehengusu txikiak ziren). Aitzol apaizak ere parte hartu zuen ofertorioan, ezkonberriei hitz batzuk eskainiz.

Frankoren altxamendua

1936ko uztailaren 18an altxamendu militarra piztu zen Espainiar errepublikaren aurka, eta Telesforo Monzon Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kidea izan zen lehen unetik, bai eta Donostiako barne-gaietako arduradun nagusia ere. Kandido Sasetak zuzendu zuen Eusko Gudarostea antolatzeko lanetan parte hartu zuen hasieratik. Telesforo Monzon Eusko gudarostearentzako arma eta munizio bila Kataluniara abiatu zen lehen une horietan, bai eta lortu ere. Ez zen eginkizun horietan arituko zen aldi bakarra. Hilabete batzuk geroago, 5.000 fusil eta bost miloi kartutxo ontziratu zituen Telesforok Hanburgoko portuan.

1936ko urrian, Euskal Autonomia Estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Gobernazioko sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirrek. Sailburu izendatu berritan, Guardia Zibila eta Guardia de Asalto izeneko polizia-kidegoa desegin zituen, eta Ertzaña polizia antolatu. Kargu horretan dela, Monzonek ezingo du ekidin, 1937ko urtarrilaren 4an bonbardaketa frankista baten ondoren, miliziano batzuek Bilboko espetxeari eraso egin eta hainbat preso eskuindar erailtzea.

Gernikako Bonbardaketaren testigu izan zen bere emazte Josefa Ganuzarekin batera. Telegrama bidali zion Agirreri: Gernika izan zen. Gaur, txingorra eta errautsak besterik ez da. Une honetan, oraindik ere, herria erretzen da. Hiru ordu bonbardaketa bizian. Bonba sutsuek erabat suntsitu dute. Aldasoro, Torre, ni, hara iritsi gara, isilik. Hamar mila emakumek, haurrek, ihes egin dute errepideetan, eta beldur dira goizetik egunsentira hegazkinez metrailatuko ote dituzten, gaur arratsaldean bezala. Aste honetan Bilbo suntsitzeko mehatxua duen hondamendi honen aurrean, egoera larriaren ardura hartzea besterik ez dugu eskatzen”

Hego Euskal Herriko lurrak frankistek guztiz okupatu zituztenean, 1937ko abuztuaren 23an, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin eta Heliodoro de la Torre ogasun kontseilariarekin batera egin zuen ihes Santanderretik Iparraldera, El Negus hegazkinean, Haile Selassie I Etiopiako presidentearen hegazkina izandakoan.

Erbestealdia

Iparraldera erbesteratu eta berehala lanean jarraitu zuen. Hilabete gutxira, Santoñan eta Laredon, italiar armadarekin egindako itunaren baitan, errenditutako euskal gudarien alde gestioak egiten aritu zen Monzon Genevan, Nazio Batuen Elkartean, Jose Ignazio Lizasorekin batera. Ondoren, Bruselan kokatu zen Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa, hara erbesteratutako Euskal Herriko haur zein Santoñan eta Laredon preso eroritako gudarien aldeko gestioetan buru belarri aritzeko. Ondoren, frantziar estatuan, kontzentrazio esparruetan zeuden euskaldunen ardura hartu zuen, eta haiek Euskadiko gobernuaren aterpetxetara edota lanera bideratzeko gestioak burutu zituen.

Kontzentrazioa esparrua, Argeles-Sur-Mer (Frantzia).

Mexiko

Frantzia nazien okupaziopean erortzen delarik 1941eko urtarrilean, Monzon Marseillatik Ameriketara abiatuko da Alsina itsasontzian, Eusko Jaurlaritzaren jarduneko lehendakari gisa (Agirre Belgikan desagertua zen, eta Leizaolak Frantzian gelditzea erabaki zuen). Bidaia luzea izan zuen, hamar hilabetekoa, eta Agirreren aldi bertsuan heldu zen Amerikara,  eta beraz ez zen inoiz jarduneko lehendakari gisa aritu.

1946. urte arte, Mexikon bizi izan ziren Telesforo eta Josefa, lan politikoan murgildurik. Batetik, PSOEko euskal ordezkariak “euskal obedientzia” delakora ekartzeko lanetan aritu zen, eta bestetik, Galeusca indartzen eta batik bat Katalan abertzaleekin harremanak sakontzen, eta, azkenik, Nafarroarekin loturak estutzen.

Erbesteko Eusko Jaurlaritza Mexikon.
Alsinako-ontziratzearen-ziurtagiriak
Alsina itsasontziaren Telesforo eta Mª Josefaren pasajeak.

Donibane Lohizune

1946. urtean, Donibane Lohizunera itzuli ziren Telesforo Monzon eta Maria Josefa, eta Eusko Jaurlaritzako Kultur kontseilari izan zen 1946 eta 1953 bitartean. 1948an, Eusko Ikaskuntzaren VII. Biltzarraren antolaketaz arduratu zen (lehendakariorde gisa), Manu Sotarekin batera. Beste hamaika ekitaldiren antolaketan ere aritu zen: Euskera eguna, Bertsolari-Festa, Abesti-Jai, Dantza-Ageri, Ikasle Bilkura, Antzerki eta abar.

Itzuleraz geroztik, Monzon kritiko agertu zen Jaurlaritzak egiten zuen politikarekiko, batik bat Bigarren Mundu Gerraren amaieraren ostean nazioarteko eta estatuko egoera aldaturik, euskal erakundeak eredu agortuetara lotuta jarraitzen zuelako. Azkenean, 1954ean, dimisioa eman zuen. Euskal Lehen Mundu Batzarrean azaldu zuen bezala, bi arrazoi nagusi zeuden horretarako: batetik, Eusko Jaurlaritzak ez zuela aski egiten euskal ezaugarri nazionalei, eta, bereziki, euskarari begira. Bestetik, Jaurlaritzak euskal auzia espainiar arazoaren konponbide batekin lotzen jarraitzen zuelako, hau da, errepublikarekin. Halere, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin harreman estua izan zuen. Harreman horren adierazle izango da lehendakaria zendu zenean gorpuaren beila Monzondarren Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean egin zela.

Donibane Lohitzunera buelta.

Gaztedi berria

Ordurako, Telesforo Monzonengana hurbiltzen hasia zen abertzaleen belaunaldi berria. Txillardegi, Julen Madariaga, Benito del Valle, Manu Agirre… Ekinen sortzaileak, batetik, eta Ximun Haran Enbataren sortzailea, bestetik, hasiak ziren beraien kezkak Monzonekin partekatzen. EAJk belaunaldi berriekiko eta barnealdearekiko izango duen distantziak kezkatu zuen. Alderdiak, nere irudiko, Batzar Nagusi bat behar luke antolatu eta egin. Ahal bezala, ahal delarik eta ahal den tokian. Bainan egin. (…) Barnekoek eta kanpokoek, elgarren berri jakin beharra dugu. Zaharrek eta gazteek ere bai. Sekulan baino azkarrago datorren euskal abertzaletasun horri, denen artean behar diogu gaurko mintzaira eman. Eta gaurko bide berriak zabaldu. Baina EAJ eta belaunaldi berriaren harremanak ezinezkoak izan ziren. Agirreren heriotzak gainera urrundu egin zuen Telesforo Monzon alderdiaren ofizialtasunetik. Hainbat hitzaldi eman zituen Iparraldean, Itsasun egin zen Iparraldeko lehen Aberri Egunean esku hartze zuzena izan zuen, kultur ekimenetan jarraitu zuen, eta gero eta gehiago lotu zitzaion Hegoaldeko “salbuespen egoera”-tik ihesi eta iparraldera jo zuten gazteekin. Ez zen bakarra izan, Marc Legasse, Lezo Urreztieta, Eli Gallastegi, Felix Likiniano, Manu Sota, eta, nola ez, Piarres Larzabal belaunaldi berriengana gerturatu ziren ere bai. Monzonek ez zuen kontraesanik ikusten bere jelkidetasunaren eta belaunaldi berriekiko loturaren artean. Monzonentzat ez zegoen kontraesanik hor: “Ni jelkidea naiz. Beti izan naiz jelkide. Sekulan baino jelkideago naizela uste dut gainera. Euskal Herriak sortu duen gauzarik haundienetakoa da. Mundu osoa harriturik utzi genuen guk orduan. Gerra hasi eta berehalaxe Joxe Antonio Agirrek esandako hitz haiek gogoangarriak dira: “Kristau izatea herria maitatzea baldin bada, ni kristaua naiz; kristau izatea ezpata kristautasuna sartzea baldin bada, ni ez naiz kristaua”. Neretzat gauzarik haundienetakoa jelkidetasuna izan da. Egunen batean argituko dut hau. Gero, egia da, “etismoa” sortu da. Ni etismoarekin oso bat eginik bizi naiz. ETAko mutil horiek gudariak dira, jelkideak izan ziren bezala; ni ETAko gudariekin bat ez banintz, ez nintzateke jelkide izango.”

Koldo Izagirrek zioen bezala “errefuxiatu gazteek gerra garaiko gudariekiko lotura ikusi zuten Telesforo Monzonengan beste inorengan baino argiago. Honek, berriz, indarrean zetorren abertzaletasun berri eta euskaltzalea amets baten betetzea bezala hartu zuen. Geldikeria politikoaren etsai, gudari modernoei egin zien kasu, Jaurlaritzaren norabide ofizialari baino areago”.

Monzonen hitzak argiak izango dira: Ez dut hildakoengatik zin egin nahi. Baina bizitzak, neurri batean, bi belaunaldiren artean topatzea nahi izan du. Cándido Saseta intimitatean ezagutu nuen, baita Mikel Alberdi, hildako lehen gudaria, eta beste asko. Eta Eustakio Mendizabal, Mondragon, Txapela, Poeta, Motriko, Korta eta beste askoren lagun hurbila ere izan naiz. Ez da harritzekoa, beraz, hauei terrorista deitzen dietela entzutean haiei “piztia” eta “hiltzaile” deitzen zietenean bezala jartzen naizela amorruz dardarez.

Anai Artea

1969. urtean Aita Larzabal eta Anjel Agirrerekin batera Anai Artea elkartea sortu zuen Iparraldera zetorren iheslari-olatu berriari lagundu asmoz. Aita Larzabalekin batera, Behil kontsularen bahiketarekin amaitzeko negoziazioetan ere parte hartu zuen. Honela utzi zuen apuntatuta Piarres Larzabalek Anai Artearen sorrera: “1966ko ekaina zen. Francoren diktaduragatik, Hego Euskaditik asko eta asko jende heldu zen Iparrerat ihesi. Jende horiek hartzen gintuen gure etxean, ahal ginuen bezala. Bainan jokaera horrek ez zezaken iraun. Egun batez, Telesforo Monzon jauna etorri zitzaitan, erranez diru puska bat eskuratu zuela, Hegoko euskaldun iheslari horien laguntzeko. Orduan pentsatu ginuen behar ginukela bizileku bat muntatu, iheslari horien aloitzeko.

Behil kontsularen bahiketarekin amaitzeko negoziazioetan.
Aita Larzabalekin batera.

Abertzaleen batasuna

Sortzen ari zen egoera berriaren aurrean, Telesforo Monzon abertzaleen arteko batasunaren sustatzaile porrokatu bihurtu zen. Jada 1968an, euskal Erresistentzia osoa bilduko zuen organo errektore baten beharra azaldu zuen. Monzonen iritzian, Eusko Jaurlaritza izan zitekeen organo hori, baina betiere espainiar errepublika zale, konstituzio zale joera oro baztertuta lehenik. Eta bestela, beste zerbait.

Horrela, Telesforo Monzon, Txillardegirekin batera, Fronte Abertzalea osatzen saiatu zen 1971. urteko udaberrian. Horretarako hainbat bilkura egin ziren Anai Artea, ELA, ELAberri, ANV, EGI-Batasuna, ETA eta EAJren artean. Txillardegiren hitzetan: “Franco hil orduko Fronte Abertzale bat nahi genuen; kinkaldi garrantzitsu hura, gure arteko konponezinak direla-ta ez galtzeko. ETA ere prest agertu zen askotan kontatu denez; eta PNV ez. Baionako Itunari eutsi nahi zion, eta PSOErekin atzerrialdian lortutako ulerkuntza zuhurra ETAko buru-beroengatik ez arriskatu. Telesforo “gaixotu” egiten zen, berriro ere Euskal Herriak galduko zuen aukeran pentsatzean”.

1977an berriro ere saiatu zen abertzaleen arteko batasuna erdiesten Xibertako elkarrizketen bidez. Bertan bildu zituen Telesforok ETAm, ETApm, EAJ, EIA, EHAS, LAIAbai, EAE, EKA, ESB eta ESEI alderdiak. Ahaleginak ahalegin, berriro ere ezinezkoa izan zen. Monzonek argi zuen: “Modu batera edo bestera, honelako bide bati lotzen ez garen bitartean, euskaldunok jai dugu.”

Txillardegirekin.

Hegoaldera itzulera eta Herri Batasuna

1977ko udan, Askatasunaren Martxan parte hartu zuen, eta hegoaldera itzuli zen Monzon. Berak kontatuko duenez, hiru gazte abertzale gerturatu zitzaizkion, antolatu nahi zuten ibilaldirako ereserkia eta deialdia egitea eskatzeko. Abuztuaren 6an, Bergaran ongi etorria egin zioten Askatasun Ibilaldiaren 4. zutabearekin heltzean. 1977ko azaroan EAJtik kanporatu zuten.
Hegoaldean jadanik, Altsasuko Mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen. Koalizio horretan EAE, ESB, HASI eta LAIA alderdiek parte hartu zuten, hainbat independenterekin batera, Monzon barne. Telesforo Monzonek “HBko Mahai Nazionalaren sei hilabeteetan, langileen egoeraren inguruan, aurreko 70 urteetan baino gehiago” ikasi zuela aitortu zuen.
1979ko Espainiako hauteskundeetan, HBk 170.000 boto lortu zituen. Monzon Kongresurako hautatua izan zen Gipuzkoako barrutian, 46 urte lehenago gertatu zen bezala. Oraingoan, Monzonek 74 urte zituen, eta osasun arazo ugari. Koalizio kideekin batera, atxilotu egin zuten eta Langraizko kartzelan gehiago gaixotu zen. Diputatu izateagatik lortu zuen espetxetik irtetea, baina ez zen Kongresura inoiz joan, gaixoegi baitzegoen.

1979ko abenduan Francisco Letamendia, Ortzi, eta Monzon epaitu zituzten terrorismoaren apologia egitea egotzita. Urte berean bere bizitzaren aurkako mehatxu oso sinesgarriak heldu zitzaizkion; lehenago hiru eraso izan zituen, Basabeltzeko etxolaren eta bi autoren erreketa, eta segurtasun neurriak hartu behar izan zituen. 1980. urtean, eusko legebiltzarkide aukeratu zuten lehen autonomia hauteskundeetan, baina segituan dimisioa eman zuen, eta Antonio Ibargurenek kargua okupatu zuen. Ez zen legebiltzarrera joan ere egin, osasun-arazoak zirela-eta. Garai horretan guztian jardun politiko etengabea izan zuen, eta Mexiko, Venezuela, Galizia eta beste hainbat lekutara bidaiatu zuen HBko ordezkari gisa.

«Askatasun Ibilaldia»-rekin Bergarara bueltan.
HBren Mahai Nazionalaren jardunaldia, Leireko santutegian.

Heriotza

Baionan hil zen, 1981eko martxoaren 9an, eta Bergaran lurperatu zuten bere azken nahiari jarraikiz. Gorpuak muga igaro zuelarik, indar-okupatzaileek zerraldoa bahitu eta Bergararaino eraman zuten zuzenean, espainiar poliziaren tanketa batean, herriaren azken agurra ekidin asmoz. Halere, herri guztietan milaka izan ziren haren gorpua agurtzera irtendakoak, bai eta Bergaran azken agurra eman ziotenak ere.

Mugan Telesforo Monzonen gorpua bahitu zutenekoa.
Hilerrian
Telesforo Monzonen hilotza Bergarako hilerrian.

Monzon idazlea

Erbestean hasi zen Telesforo Monzon idazlanak argitaratzen, Olaso ezizenez.

Lehen olerki-liburua Mexikon argitaratu zuen 1945. urtean, Urrundik. 1947an Iparraldera itzulirik, Gudarien Eginak argitaratu zuen, bere obrarik ezagunenetako bat.

1950eko hamarkadatik aurrera, antzerkigintzan aritu zen nagusiki. Garai horretakoak dira Behorraren ostikoa, Menditarrak, Hazparneko anderea eta abar.

Hala ere, kantuen arloan egindakoagatik izan da Monzon ezaguna batik bat. Abesti abertzaleen aitzindaritzat jo dezakegu: Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu eta segi aurrera, Kanta aberria, Kalera, kalera

Hazparneko anderea obraren antzezpen bat.

IDAZLANAK

Olerkiak

 

Antzerkia

  • Menditarrak (1957, Euzko Gogoa)
  • Gure behia hila da! (1960, Egilea editore)
  • Behorraren ostikoa (1961, Egilea editore)
  • Eneko Bizkai eta Maria Lorka (1966, Hernani)
  • Hazparne-ko Anderea. Antzerkia hiru zatitan (1984, Elkar)
  • Monzonen antzerki kaierak (2011, Hiria) Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak prestatu edizioa.

 

Artikuluak, idazlanak eta bildumak

  • Herri baten oihua, hitzak eta idazkiak (1982, Herri Batasuna)
  • Hitzak eta idazkiak. (1986, Jaizkibel)
  • Telesforo Monzon, hitzeko gizona (1993, Anai Artea).
  • Langosta baten inguruan (1999, Elkar)
  • Últimos artículos (1995, Egin)
  • Lo que Monzon nos dejó. Hitzak eta abestiak (2004, Gara)

 

Abestiak

 

Telesforo Monzoni Buruzkoak

Telesforo Monzon. Koldo Izagirre (1999, EJ Kultur Saila)

Llámame Telesforo. Iñaki Anasagasti (2006, Txalaparta)

Telesforo Monzon. Pastorala. Johane Bordaxar (2011, Ikas)

Telesforo Monzon, Aristokrata abertzalea. Pako Sodupe (2018, Txertoa)

1000
Euskal lurralde guztiak batu.

999 Santxo Azkarrak euskal lurralde guztiak bere erreinu pean batu zituen.

1200
Gaztelako erreinuak Araba konkistatzen du.

1200 Gaztelako erreinuak Araba konkistatu zuen. Gipuzkoak Gaztelako erregea jaun bezala onartu behar izan zuen.

1512
Gaztelako erreinuak Nafarroa konkistatzen du.

1512 Gaztelako erreinuak Nafarroa konkistatu zuen.

1620
Nafarroa Frantziako koroara batzen da.

1620 Batasun dekretuaren bidez, Luis Xiriak Nafarroako eta Frantziako errege, Nafarroa Frantziako koroara batu zuen.

1661
Matalaz exekutatu egiten dute.

Matalaz, Zuberoako matxinadaren buruzagia exekutatu egiten dute.

1789
Foruak baztertzen ditu Frantziar estatu berriak.

1789 Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko askatasunak eta foruak baztertu zituen frantziar estatu berriak.

1790
Pirinio atlantikoko departamentua sortzen da.

1790 Pirinio Atlantikoko departamentua sortu zen, eta bertan bilduko da iparralde osoa.

1833
1833-39 Lehen Gerra Karlista.

1833-39 Lehen Gerra Karlista.

1840
Nafar estatua abolitzen da.

1840 Araba, Bizkaia, Gipuzkoaren askatasunen galera. Nafar estatua abolitu zen.

1872
Bigarren Gerra Karlista.

1872-1876 Bigarren Gerra Karlista.

1895
Eusko Alderdi Jeltzalearen sorrera.

1895 Sabino Aranak Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuen.

1904
Telesforo Monzon jaioko da.

1904 Abenduaren 1ean Telesforo Monzon jaio zen.

1923
Primo de Riveraren diktadura.

1923 Primo de Riveraren diktadura ezarri zen  Espainian.

1930
EAJko kide egingo da Monzon.

1930 EAJko kide egin zen Monzon.

1931
Espainiar Errepublika.

1931 Apirilak 14. Espainiar Errepublika aldarrikatu zen.

Bergarako zinegotzi.

1931 Bergarako zinegotzi izendatu zuten.

1932
Euskal Udalerrian Batzarrean Bergara ordezkatuko du.

1932 Zumarragan bildu zen Euskal Udalerrian Batzarrean Bergara ordezkatu zuen.

1933
Diputatu Espainiako Gorteetan.

1933-36 urteen artean Diputatu izan zen Espainiako Gorteetan.

1935
Ezkontza.

1935 Martxoak 24. Josefa Ganuzarekin ezkondu zen.

1936
Altxamendu militarra.

1936 Uztailak 18. Errepublikaren aurkako altxamendu militarra.

Euskadiko Gobernua eratzen da.

1836 Urriak 7. Euskadiko Gobernua eratu zen. Jose Antonio Agirre lehendakariak Gobernazio sailburu izendatu zuen Monzon.

1937
Gernikako Bonbardaketa.

1937 Apirilak 26. Gernikako Bonbardaketa.

Erbesterako bidea hartuko du.

1937 Abuztuak 23an, Jose Antonio Agirrerekin batera, erbesterako bidea hartu zuen.

Haur erbesteratuei laguntzen.

1937 Irailean Bruselan aritu zen haur erbesteratuei laguntzen.

1939
Katalunian eta Okzitanian.

1939-1940 Katalunian eta Okzitanian aritu zen  iheslarien laguntza-lanetan.

Bigarren Mundu Gerra.

1939 Bigarren Mundu Gerra hasi zen.

1941
Mexikon.

1941-1946 Mexikon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa aritu zen.

1944
Urrundik.

1944 Urrundik olerki liburua argitaratu zuen.

1945
Bigarren Mundu Gerra amaituko da.

1945 Irailak 25. Bigarren Mundu Gerra amaitu zen.

Nazio Batuen Erakundearen sorrera.

1945 Urriak 25. Nazio Batuen Erakundearen sorrera.

1946
Donibane Lohizunera.

1946 Donibane Lohizunera itzuli zen.

Eusko Jaurlaritzako Kultur Kontseilaria.

1946-1953 Eusko Jaurlaritzako Kultur Kontseilari aritu zen.

1947
Gudariei eginak.

1947 Gudariei eginak olerki-liburua argitaratu zuen.

1948
Eusko Ikaskuntzaren VII Biltzarra.

1948 Eusko Ikaskuntzaren VII. Biltzarra antolatu zuen Manu Sotarekin batera.

1952
Ekin.

1952 Ekin sortu zen.

1953
AEB eta Francoren erregimenaren arteko ituna.

1953 Irailak 23. Madrileko Itunak AEBren eta Francoren erregimenaren artean.

Dimisioa.

1953 Irailaren 23an dimisioa aurkeztu zion Agirre lehendakariari.

1955
Espainia Nazio Batuetako Erakundean.

1955 Abenduak 14. Espainia Nazio Batuetako Erakundean onartu zuten.

1956
Munduko Lehen Euskal Kongresua.

1956 Irailaren 23tik 29ra Munduko Lehen Euskal Kongresua egin zen Parisen.

1957
Menditarrak.

1957 Menditarrak  antzerkia argitaratu zen.

1958
Euskadi Ta Askatasunaren sorrera.

Euskadi Ta Askatasunaren sorrera.

1960
Jose Antonio Agirre hilko da.

1960 Martxoak 22. Jose Antonio Agirre hil zen.

Gure behia hila da!

1960 Gure behia hila da! antzerkia argitaratu zuen.

1961
Behorraren ostikoa.

1961 Behorraren ostikoa antzerkia argitaratu zuen.

1963
Aberri egunean Enbata.

1963 Apirilak 15, Aberri egunean, Enbata sortu zen, Itsasuko Agiriarekin. Monzonek hitza hartu zuen.

1966
Eneko Bizkai eta Maria Lorka.

1966 Eneko Bizkai eta Maria Lorka antzerkia argitaratu zuen.

1968
Txabi Etxebarrietaren erailketa.

1968 Ekainak 7. Txabi Etxebarrietaren erailketa.

1969
Anai Artea.

1969 Anai Artea sortu zuen Aita Larzabal eta Anjel Agirrerekin batera.

1970
Burgoseko prozesua.

1970 Abendua. Burgoseko prozesua hasi zen. Behil kontsularen bahiketaren negoziaketetan bitartekari izan zen Larzabalekin batera.

1971
Iparraldetik kanporatua.

1971 Txillardegirekin batera Iparraldetik kanporatu zuten. Baionako katedraleko gose greban parte hartu zuen. Fronte abertzalearen osaketarako lanetan aritu zen.

1973
Txikiaren erailketa.

1973 Apirilak 19. Txikiaren erailketa.

Carrero Blancoren heriotza.

Abenduak 20. Carrero Blancoren heriotza.

1975
Francoren heriotza.

1975 Azaroak 20. Francoren heriotza

1977
Xibertako elkarrizketak eta Argalaren heriotza.

1977 Xibertako elkarrizketak bideratu zituen alderdi abertzaleen batasunaren bila.

Bergarara itzuliko da Askatasun Ibilaldiarekin.

1977 Abuztuaren 6ean Bergarara itzuli zen Askatasun Ibilaldiarekin.

Altsasuko Mahaiaren osaketa.

1977. urriak 24. Altsasuko Mahaiaren osaketan parte hartuko du.

Altsasuko Mahaia.

1977 Urriak 24. Altsasuko Mahaiaren osaketan parte hartu zuen.

EAJtik egotziko dute.

1977 Azaroa. EAJtik egotzi zuten.

1978
Herri Batasunaren sorrera.

1978 Apirilak 27. Herri  Batasunaren sorreran parte hartu zuen.

Espainiar Konstituzioa.

1978 Abenduak 6. Espainiar Konstituzioa onartu zen.

Argalaren erailketa.

1978 Abenduak 21. Argalaren erailketa.

1979
Langraizko kartzelan espetxeratua.

1979 Otsailean Langraizko kartzelan espetxeratu zuten.

Espainiar Kongresurako diputatu.

1979 Martxoan Espainiar Kongresurako diputatu hautatu zuten Herri Batasunaren izenean.

Dia da Patria Galega.

1979 Uztaila. Santiago de Compostelan, , Día da Patria Galegan parte hartu zuen.

Hitzaldia Madrilen.

1979ko Iraila. Hitzaldia Madrilen Prentsaren Nazioarteko Klubak gonbidatuta.

Ortzirekin batera epaitua.

1979 Abendua. Ortzirekin batera epaitu zuten terrorismo delituaren apologia egiteagatik.

1980
Mexiko eta Venezuelara.

1980  Otsaila. Mexiko eta Venezuelara bidaia, HBko ordezkaritza batekin.

Leireko Zina.

1980ko Apirila. Leireko Zina.

Eusko legebiltzarkide.

1980 Eusko legebiltzarkide aukeratu zuten lehen autonomia hauteskundeetan, Herri Batasunaren izenean.

1981
Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an.

Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an. Bergaran lurperatu zuten.