Mundu osoko erresistentzia eta askatasun borrokak omentzen dituzten hainbat margolanek osatzen dute proiektua eta munduko galeria nagusietan aurkeztu dute
Mundu osoko erresistentzia eta askatasun borrokak omentzen dituzten hainbat margolanek osatzen dute proiektua eta munduko galeria nagusietan aurkeztu dute
Peter Sacks (Hegoafrikan jaioa, gaur egun AEBetan bizi da) artista eta poeta ezaguna da. Bere lanak munduko museo eta galeria nagusietan erakutsi izan dira, hala nola, Metropolitan Museum of Art (New York), Art Institute of Chicago, Boston Museum of Fine Arts, Smithsonian Institution (Washington), Victoria & Albert Museum (Londres) edota Centre Georges Pompidou (Paris). Bere obran askotan ehunak, papera, argazkiak eta pintura uztartzen ditu, collage teknika konplexuen bidez. Memoria historikoa, erresistentzia kolektiboak eta askatasunaren aldeko borrokak dira bere unibertso artistikoaren ardatz nagusiak.
Azken urteotan bere lan nagusietako bat izan da RESISTANCE izeneko proiektua: mundu osoko erresistentzia eta askatasun borrokak omentzen dituen margolan sorta zabala. Proiektu hau nazioarteko galeria nagusietan aurkeztu da, tartean Sperone Westwater Gallery (New York), Goodman Gallery (Londres eta Johannesburg) eta beste hainbat erakusketa gune ospetsutan. Bertan irudikatutako pertsonaietan aurki ditzakegu Nelson Mandela, Mahatma Gandhi, Martin Luther King, Rosa Luxemburg, Vaclav Havel eta beste hainbat, gizatasunaren eta askatasunaren aldeko borroka orokor baten ikur gisa.
Oraingoan, RESISTANCE proiektu horri gehitu dizkio Txiki eta Otaegiri eskainitako margolanak, haien fusilamenduaren 50. urteurrena dela-eta. Horien bidez, Euskal Herriko oroimen historikoari eta askatasunaren aldeko borrokari leku egin dio bere ikuspegi artistiko eta poetiko unibertsalean.
Olaso Dorrean aurkeztu den ekimen honek nabarmendu du zein garrantzitsua den Sacks bezalako artista ospetsu eta errekonozitu baten proiektu internazional batean Txiki eta Otaegi sartzea. Artearen bidez, haien erresistentziaren eta justiziaren aldeko borrokaren memoria indartu eta nazioarteko ikuspegira eramaten da.
Arte-lanak gaur bertan iritsi dira Olaso Dorrera, bildumaren beste lan batzuekin batera. Harrera egiteko, bertan izan dira Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakaria eta lehendakariordea –Irari Jimenez eta Maite Aristegi, hurrenez hurren–, BEART elkarteko lehendakaria, Xabier Agirre; eta Markel Azkargorta zinegotzia, Udalaren izenean.
Iritsi berritako arte-lanak elkarrekin ikusi dituzte. Maite Aristegik egin du lehen aurkezpena. Lan horren berri ematea ohore bat dela nabarmendu du Aristegik. Arte-lanei ongi etorria emateko Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek hartu du hitza ondoren. Hona hemen nola amaitu duen bere hitzartzea:
«Askotan izan dira nazioarteko artistak eta artista handiak, gainera, gure herriaren berri eman digutenak, gure historiarekin artea egin dutenak eta beraien artelanekin gure historia gogoratu digutenak. Euskal Herria eta euskaldunok inspiratuta lan artistiko garaiezinak egin dituzten garai guztietako idazleen, argazkilarien, marrazkilarien, zuzendarien, kazetarien, eta era guztietako artisten artisten genealogia luzea kolosoen genealogia bat da, garai guztietako artista unibertsalak biltzen ditu eta Oteizaren herri zahar, noble eta mindu honi bere burua ikusteko eta bere buruaz duen irudia sendatzeko tresna harrigarri bat ematen diote.
Genealogia aberats horretara Peter Sacksen izena gehitzea guretzat benetako ohorea da, eta ohore handia, gainera. Munduari geure historia hurbilaren parte bat kontatuko dion artelan bat gehiago dugulako orain eta guk obra artistiko handi bat gehiago dugulako historia hori zuritu nahi dutenei aurre egiteko, geure iragana izan den moduan gogoratzeko, egiarekin eta gure arbasoen memoriarekin daukagun zorra kitatzeko ez kitaezina delako baina aitortzeko bai, aitortu beharrekoa delako».