Monzon-Ganuza 2021eko Saritua

Otsailaren 15ean, goizeko 11:00etan iragarriko da aurtengo sarituaren izena.

Libe Goñi Garate

(Oteitza, 1947)

Libe Goñi Garate Oteitzan (Nafarroa) jaio zen 1947ko ekainaren 7an, bere ama, Miren, aitaren herrira joan baitzen erditzera, Zaragozako Villabella herritik. Ama irakaslea zen Orbaizetan, 1936ko gerra aurretik.

Argazkiak: Zaldi Ero/ARGIA

Gerra ostean, frankistek zigortu egin zuten, eta Zaragozako (Espainia) Villabella herrira erbesteratu. Libek hiru urte zituela, gerrako zigorra pasatu zenean, amari Gipuzkoan herri bat hautatzeko zenbait aukera eman zioten irakasle gisa jarduteko, eta Lazkaora joan ziren bizitzera.

1962an, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan hasi zen magisteritza ikasten. Bere gogoa herriaren eta euskararen alde zerbait egitea zenez, ikasketak amaitu ostean, irakasle praktikak egiten hasi zen Elbira Zipitriaren ikastolan, eta, batez ere, Karmele Esnalenean. Handik, Andoaingo ikastolako zuzendari lana betetzera joan zen. Baina, 1969ko otsailean, Guardia Zibila azaldu zen Lazkaon eta Iruñean bere bila, eta Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen, Luzaidetik barrena.

Iparraldean irakasle lanetan murgilduko den lehen andereñoa izan zen, lehenengo Argitxu Nobliaren etxean, Villa Espinalen, bost haurrekin;ondoren Enbataren bulegoan, Cordeliers karrikan, eta azkenik, Arrangoitzeko ikastolan, 1970ean. Ondoren, Baionako ikastolara joan zen 1980an; Angelun egin zituen azken irakasle urteak, 2001etik 2007ra bitartekoak.

Ihesera bultzatu zuten horiek utzi zuten oraindik ere orbain irekirik Libe Goñi Garateren bizitzan. 1985ean, bere lehengusu Mikel Zabaltza, Guardia Zibilak beste lehengusu batzuekin batera atxilotu ondoren, desagerrarazi zuten, eta, ostean, Bidasoako ibaian azaldu zen hilik. Zauria itxi gabe dago.

Ikastolako bultzatzaile eta andereño aitzindaria izateaz gain, Libe Goñi Garate lan asko egindakoa da kultura arloan, bai irakaskuntzan, baita euskal ohituren suspertzaile gisa ere, bereziki ikastolen bidez, besteak beste, Olentzeroren ohitura Iparralden gizarteratzen lagundu baitzuen.  Bere bizitza profesional osoa ikastolen zerbitzura eman du erretiroa hartu arte.

Libe Goñi Garate Euskal Herriak eta euskarak XX. mendearen bigarren erdialdetik gaurdaino izan duen berpizkunde eta biziraute borrokaren adierazle bizia dugu.


Notice: Undefined variable: single in /home/olasodorrea/www/wp-content/plugins/video-popup/admin/on-pageload.php on line 290

Notice: Undefined variable: page in /home/olasodorrea/www/wp-content/plugins/video-popup/admin/on-pageload.php on line 290